Informazio gehiago

Itzuli hona TestDaF

Urratsez urrats: Azterketaren atalak

TestDaF azterketa estandarra da, modu zentralizatuan sortua eta ebaluatua. Guztira lau atal ditu. Hizkuntza gaitasunak bereizita ebaluatuko dira, lau arlo hauetan: irakurmena, entzumena, idazmena eta mintzamena. Emaitzak kalkulatu ostean, TestDaF (TDN) azterketaren hiru mailetako bat aitortuko zaio izangaiari: 3, 4 edo 5.

Irakurmena

  • Unibertsitateko egunerokoarekin loturiko testu laburrak irakurtzea: unibertsitateko liburuxkaren zati bat, hurrengo ekitaldien ikuspegi orokor bat edo liburuxka bat, eta zeregin bakoitzari zer testu dagokion erabakitzea.
  • Kazetaritzako testu bat irakurtzea (gutxi gorabehera 450 edo 550 hitz) gai zientifiko edo soziopolitiko bati buruz, eta harekin loturiko aukera anitzeko galderak erantzutea.
  • Argitalpen espezializatu batetik edo unibertsitateko materialetatik hartutako testu bat lantzea (gutxi gorabehera 550-650 hitz), hizkera akademikoan idatzitakoa, eta adierazpenetako batzuk egiazkoak ala gezurrezkoak diren, edo testuek horiei buruz ezer ere esaten ez duten erabakitzea.
Iraupena: 60 minutu

Entzumena

  • Unibertsitateko eguneroko bizitzari buruzko elkarrizketa bat entzutea; adibidez, bi ikasleren arteko elkarrizketa bat, eta, aldi berean, eginiko galderei buruzko oharrak hartzea
  • Elkarrizketa bat edo gai akademiko orokor bati edo ikasturtearekin loturiko gai bati buruzko eztabaida bat jarraitzea eta, aldi berean, entzundakoari buruzko adierazpenak egia ala gezurra diren erabakitzea
  • Aditu baten aurkezpena edo hari eginiko elkarrizketa bat entzutea eta haren ideia nagusiei buruzko galdera laburrak erantzutea.
Iraupena: gutxi gorabehera 40 minutu

Idazmena

  • Gai bat emango dizute eta horren harira testu logiko eta egituratua egin beharko duzu. Zure lanean laguntzeko, galderak eta datu estatistikoak emango dizkizute
  • Gai horrekiko jarrera jakin bat hartu beharko duzu eta zure ikuspegia justifikatu.
Iraupena: 60 minutu

Mintzamena (ordenagailuz lagundutako proba)

  • Zazpi zeregin bete beharko dituzu, guztiak ere Alemaniako unibertsitateetan aurki ditzakezun egoera ohikoenekin lotuak
  • Informazioa lortu beharko duzu, irudiak eta diagramak deskribatu eta haien edukia laburtu. Zure iritzia adierazi eta, jarrera bat hartu, aholkuak eman, beste aukera batzuk aintzat hartu eta hipotesiak egitea.
Iraupena: gutxi gorabehera 35 minutu

Baldintzak

TestDaF hizkuntza azterketa bat da eta izangaiek Alemaniako unibertsitate batean edo goi-mailako hezkuntza erakunde batean ikasteko behar adinako hizkuntza maila dutela adierazten du. Batik bat ikasleei eta ikasteko gogoa dutenei dago zuzenduta, baina, horrez gain, nazioartean onartzen den alemaneko ezagutzak aintzatesteko ziurtagiri bat ere bada, adierazten baitu hizkuntzari buruz dituzun ezagutzak nahikoa direla proiektu zientifikoak gauzatu eta lanbide akademikoetan aritzeko.
  • Gutxienez B2 mailako hizkuntza gaitasuna.
  • Alemanaren irakaskuntzako 45 minutuko 700 eta 1000 unitate artean egin izana. Azterketa egiteko izena ematerakoan ez duzu zertan erakutsi zure aleman ezagutzari buruzko ziurtagiririk.

Ebaluazioa

Irakurmenari eta entzumenari dagozkion probetan puntu bana emango da ondo eginiko ariketa bakoitzeko (adibidez, aukera anitzeko galderak edo egia/gezurra galderak). Ondo eginiko ariketa kopurua izangaiari maila bat esleitzeko erabiltzen da. Mintzamenari eta idazmenari buruzko probak gaitasuna eta esperientzia duten aztertzaileek ebaluatzen dituzte, eta irizpide koadro bat erabiltzen da zure lana ebaluatu eta maila bat esleitzeko. Informazio xehatuagoa behar izanez gero, jo hona: www.TestDaF.de. Azterketa nahi adina aldiz errepikatu ahalko duzu.

Eman izena orain TestDaF egiteko!

Aleman ezagutza aski duzula uste baduzu, eman izena TestDaF egiteko. Azterketa mota lehendik ezagutzea gomendatzen dizugu. Aukera onena da Goethe-Institut edo baimendutako beste zentro batzuetako ikastaroetara joatea azterketa prestatzera, eta Goethe-Institut berak online eskaintzen duen ikastaroa egitea. Ikastaro horiei esker ohitu egingo zara azterketaren formatuarekin eta edukiarekin.

Urteko sei egunetan egin dezakezu TestDaF azterketa, mundu mailan daude finkatuta sei egun horiek. www.TestDaF.de. helbidean eman dezakezu izena. Txinako Herri Errepublikan badira beste data berezi batzuk, eta National Education Examination Authority–ren bidez egiten da izen ematea.

Ezintasunen bat edukita azterketan aurkeztu nahi dutenek aurrez jakinarazi behar diote aukeratutako zentroari, eta eguneratutako mediku-ziurtagiria aurkeztu behar dute. Beharreko neurriak hartuko dira azterketa egiteko.